Txio lepazuri

Txio lepazuri
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaPhylloscopidae
GeneroaPhylloscopus
Espeziea Phylloscopus bonelli
Vieillot, 1819
Banaketa mapa
Kumaldiaren tamaina3,9
Errute denbora12 egun
Phylloscopus bonelli

Txio lepazuria (Phylloscopus bonelli) phylloscopidae familiako hegazti paseriformea da, erdialdeko eta hegoaldeko Europan bizi dena[1].

Bizkarraldea gris-arrea, lepoa zuri-horixka eta sabelaldea arre argia ditu.[2]

Deskribapena

Txio guztiak, Phyllosporus generokoak, oso hegazti txikiak dira, itxura eta ohitura oso antzekoak dituztenak, zuhaitzetakoak, baina normalean lurrean egiten dute habia. Ez dago zailtasunik haiek bereizteko beraien kantu desberdinak ezagutzen badituzu, baina ikusita identifikatzea ez da hain erraza.

Gure artean bi espezie ugaltzen dira eta hirugarren bat, txio horia erreserbaz aipatu behar da habiei buruzko froga zehatzagoak lortu arte.

Hiru txio hauen artean lepazuria da kolorerik motelena duena, arre-grisaxka gainean, buru argiagoa eta zuri zikin kolorea azpitik, tindu horixkarekin bular aldera eta zerbait biziagoa hegoen azpian. Buruan ez oso markatutako bekain krema koloreko bat du, ipurtxuntxurra eta hegoen erpin flexoreak horiak. Hankak eta mokoa arrexkak, hau txikia, zuzena eta fina. Tamaina: 11 cm

Kanta, lelo monotono bat da, modulaziorik gabekoa, nota baten errepikapen azkarretik sortutakoa. Bere deia edo apeua “yu-iit” bat da, txio arruntaren oso antzekoa, argi eta garbi disilaboa. Asko kantatzen du, batez ere ugalketaren hasieran.[3]

Biologia eta ohiturak

Zuhaitz eta zuhaixken hostoen artean etengabe mugitzen den baso-espezie bat da, adarrez adar mugitzen dena, landare-zorriak eta beldarrak janez hostoak eta zurtoinak garbituaz doana; une oro behin eta berriz bere kantu monotonoa eresiz.

Apiril aldera hasten da entzuten. Maiatzean Arabako erkametzak kantariz betetzen dira lurralde bat eta eme bat konkistatzeko asmoz. Hori lortutakoan, arrek euren lana egiten jarraitzen dute, beraien orubean zehar ibiltzen dira kantuan, eta emea bakarrik uzten dute habia egiten eta inkubatzen. Txitak jaio ondoren bakarrik isiltzen dira emeari kumeak elikatzen laguntzeko.

Habia eraikuntza esferiko samar bat da, itxia, sarrera-zulo txiki bat besterik ez duena, eta ezponda baten, sasi edo zuhaixka baten oinean belar artean ondo ezkutatuta, beti lurrean. Lastoz, belar lehorrez, goroldioz eta ilez egindako bolatxo bat da.

Hamahiru egun egiten ditu normalean, erruten dituen 5-6 (zuriak arre koloreko puntutxoekin) arrautza inkubatzen. 10 eta 12 egun bitartean txitek habia uzten dute, baina gurasoen menpe jarraitzen dute egun gehiagotan. Badirudi familia taldea denbora luzez elkarrekin egoten dela, normala da behintzat uda osoan zehar batetik bestera noraezean dabiltzan lepazuri taldeak ikustea, batzuetan beste espezie batzuekin nahastuta.

Abuztua-iraila bitartean neguko eremurako bidean jartzen dira, Afrika mendebaldera, Sahararen hegoaldera.

Banaketa, habitata eta estatusa

Txio lepazuriak Europako hegoaldean, Asia txikian eta ipar-mendebaldeko Afrikan ugaltzen dira, Marokotik Tunisiara, funtsean Mediterraneoko klima-eremuan eta gutxiago epelean. Europan Mediterraneoko periferia osoa okupatzen du, Alemania eta Austria hegoaldera igoz. Ohikoa Iberia gehieneko baso eremuetan, Kantauri aldeko zerrendan izan ezik, urria baita hemen.

Euskal Herrian oso ohikoa da erdialdean, Kantauri-Mediterraneo isurialdeetako mendien hegoaldeko isurialdetik Kantabriako mendilerroraino, hemen bi isurialdeak okupatzen ditu. Hegoalderago, Ebro haranean, Arabako Errioxaren bihotzean, arraroa da. Eskasi hori zuhaitz egokien faltagatik gertatuko da ziurrenik eta ez arrazoi klimatikoengatik, argi eta garbi espezie termofiloa baita. Kantauri isurialdean urria da eta lokalizatuta dago. Bertan lur ondo drainatua duten baso eguzkitsuetan ageri da, artadietan, ametz-baso urrietan, pagadi batzuetan eta arantzadun zuhaixketan. Arraroagoa harizti eguzkitsuetan. Eguzkitsua eta lurzoru lehorra bada, garaiera ez dela garrantzitsua dirudi.

Kantauri azpiko eremuan oso ohikoa da eta espezie nagusietako bat erkameztietan eta ameztietan. Haritzetan ere ugaria. Ez horrenbeste pagadietan, hemen txio arrunta da ugariagoa.

Dagoeneko adierazi dugu ez dela ohikoa Errioxako eremuan, laboreek baso eremu gutxi utzi baitituzte. Baina aurkitzen diren artadien aztarnetan agertzen da eta baita inguruko P. halepensis pinudi bakarrean ere. Dena den, ez ditu ibai-basadiak okupatzen, hezeegiak izango dira.

Erreferentziak

  1. Clement, Peter (1995). The Chiffchaff. Londres: Hamlyn. ISBN 0-600-57978-6.
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A. ISBN:, 268 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

Araozko kontuak

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q752489
  • Commonscat Multimedia: Phylloscopus bonelli / Q752489
  • Wikispecies Espezieak: Phylloscopus bonelli

  • Datu taxonomikoak
  • BOLD: 117470
  • Avibase: C00674ED5FC9DB8A
  • BioLib: 8922
  • BirdLife: 22715255
  • Dyntaxa: 205839
  • eBird: webwar1
  • Fauna Europaea: 97367
  • GBIF: 2493070
  • ITIS: 562123
  • UICN: 22715255
  • NCBI: 48149
  • Xeno-canto: Phylloscopus-bonelli
  • Wd Datuak: Q752489
  • Commonscat Multimedia: Phylloscopus bonelli / Q752489
  • Wikispecies Espezieak: Phylloscopus bonelli