Juanita Mir

Juanita Mir
Bizitza
JaiotzaIruñea, 1893ko otsailaren 14a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaDerio, 1937ko abuztuaren 5a (44 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, idazlea eta aktorea

Juana "Juanita" Mir García (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1893ko otsailaren 14a - Derio, Bizkaia, 1937ko abuztuaren 5a) kazetaria eta idazlea izan zen. Antzerkian ere jardun zuen. Gaztelaniaz idatzi zuen. Emakume aitzindaria. Frankistek 1937ko abuztuan fusilatu zuten, 44 urte zituela, Derioko hilerrian "“matxinadara batu izana” leporatuta. [1]

Biografia

Juanita, Victoria Garcia Lakarra eta Octaviano Mir Mataren alaba izan zen. Aita kazetaria zen eta lehenengo jaioterrian, Nafarroan, lan egin zuen, gero Madril, Santander, Bilbo, Burgos eta Cadiztik igaro zen, andre eta seme-alabekin, hiri horietako hedabideetan behar egiteko, Bilbon behin betiko finkatu zen arte. 1911 eta 1921 bitartean Bilboko El Pueblo Vasco egunkariko erredakzioan aritu zen. Urte hartan hil zen. Juanaren lehen erroldatzea Bilbon 1910ean agertzen da bere familiarekin, Iralabarri auzoko Villa Berriz etxean. 1915tik fusilatu zuten arte Juanita Bilboko Euskalduna kalean bizi izan zen.

Lanak

Ipuinak

1923an argitaratu zituen Juanita Mirrek bere lehenengo lanak. Literatur ipuin laburrak ziren, euskal gaiak sarritan, modu kostunbristan jorratuak:

  • Axun (1923)
  • Jaun Miguel (1925)
  • Abendaño-Baldabazayta ¿leyenda?¿historia? (1928)

Donostiako Euskalerriaren Alde aldizkarian plazaratu zituen hasierako sorkuntzak. Bilboko El Nerviónen eta Galiziako El Orzánen ere agertu ziren haren ipuinak (1924), baita El Heraldo de Madriden (1928) edo Bilboko La Tarden (1929) ere, besteak beste.

Antzezpenak

1930eko hamarkadan antzezpenak egiten zituen. Aktore jardun zuen 1934 eta 1935 bitartean Bilboko Casa Palentinako antzerki taldean. Bilboko Ateneo Navarro elkartearekin ere parte hartu zuen.

Kazetari lanak

1929tik aurrera Bilboko La Tarde egunkarian ipuinak ez ezik, artikulu laburrak ere plazaratu zituen, garaian garaiko gai sozialen gainean. Testu haiek lehen orrialdean argitaratu zituzten. 1936an Gerra Zibila piztu zenean La Tardeko kolaborazioekin jarraitu zuen, gatazka latz hura gaitzat hartuz. Haren jarrera katolikotik, erlijioaren izenean altxatutako matxinoak salatu zituen. Egunkariko lehen orrialdetik egin zuen, argi eta garbi sinaturik: Juanita Mir. 1937ko maiatzera arte agertu ziren artikulu haiek. Juanitak La mujer escribe izenburua zuena sail bat lortu zuen berarentzat.[2] Lerro hauetatik gerra eta haren ankerkeriak salatu zituen.

Atxiloketa

1937ko ekainaren 19an frankistak Bilbon sartu ziren. Hurrengo egunetan Juanita Mir atxilotu egin zuten. Uztailaren 20ko Gerra kontseiluak heriotza zigorra ezarri zion “matxinadara batu izana” leporatuta. Abuztuaren 5ean fusilatu zuten Derioko hilerrian.[3]

Juanita Mir kalea

2015ean Bilboko Udalak kale izenak proposatzeko aukera eman zuen. Ascensión Badiola idazleak Juanitaren izena jartzea proposatu zuen. Ez zen izen hori proposatu zuen bakarra izan, baina ez zen aurrera irten.[4][5] [6]

Bibliografia

Erreferentziak

  1. https://web.archive.org/web/20191110003701/https://blogs.deia.eus/historiasdelosvascos/2015/03/09/juanita-mir-la-periodista-fusilada-en-1937-por-ser-peligrosa-socialmente/
  2. «GOMUTAN: Frankistek fusilatutako Juanita Mir kazetaria gomutan | Bilbo Hiria irratia» www.bilbohiria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  3. «Mir García, Juana - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  4. «Bilbao.eus, Bilbao Parte-hartzailea, Albisteak» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  5. (Gaztelaniaz) La calle de Juanita Mir García. (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  6. Press, Europa. (2016-01-24). «Vecinos de Bilbao podrán proponer denominaciones de calles y plazas» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).

Kanpo estekak

  • Bilbopedia. Juanita Mir
  • Auñamendi. Eusko Ikaskuntza. Juanita Mir
  • Nabarralde. Juanita Mir
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q74408864
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Auñamendi: 96147
  • Wd Datuak: Q74408864